Online public access catalog

OPAC (Online Public Access Catalogue) "lineako sarbide-katalogo publikoa" edo, erabiltzaile orokorrek esaten duten bezala, online katalogoa,[1] liburutegiko katalogo publiko bat da, liburutegi bakar batek edo liburutegien talde batek kudeatua eta elikatua. Liburutegiek dituzten erregistro bibliografiko guztien datu-base bat da, erabiltzaileek kontsultatu dezaketena.[2]
Gaur egun sarritan liburutegien katalogoaren sinonimoa da, eta liburutegi batek edo liburutegi talde batek duen material digitalak ere eskaini ditzake sisteman bertan edo deskargatuz (gaur egun ez da ohikoa), irakurtzeko. Online katalogoek, neurri handi batean, aurretik liburutegietan erabiltzen ziren txartel fisikoan katalogoak ordezkatu dituzte.
Historia
Lehen katalogo digitalak

Sistema esperimental ugari zeuden 1960ko hamarkadan, baina lehen online katalogo handiak Ohioko Estatu Unibertsitatean garatu ziren 1975ean eta Dallasko Liburutegi Publikoan 1978an.[3]
Horiek eta sareko beste katalogo-sistema goiztiar batzuek katalogo fisikoak ordezkatu nahi zituzten eta, aldi berean, txartelen bidezko katalogo horien kopia fidela izateko helburua zuten.[4] Terminal edo telnet bezero dedikatu bat erabiliz, erabiltzaileek aurrez koordenatutako zerrenda gutxi batzuetan bila zitzaketen, eta sistemak bistaratzen zituen emaitzetan arakatu.
1980ko hamarkadan, online katalogoen kopurua eta sofistikazioa hazi egin zen. Lehen sistema komertzialak agertu ziren, eta hamarkadaren amaierarako neurri handi batean liburutegiek zituzten sistemak ordezkatuko zituzten. Liburutegiko katalogoak bilaketa-mekanismo hobetuak eskaintzen hasi ziren, besteak beste, Boolear bilaketa eta hitz-gakoen bidezkoak, baita funtzio osagarriak ere, hala nola, maileguan utzitako elementuetan marka bat jarri.
Aldi berean, liburutegiak aplikazioak garatzen hasi ziren, liburuen eta liburutegiko gainerako materialen erosketa, katalogazioa eta zirkulazioa automatizatzeko. Aplikazio horiek, kolektiboki liburutegi-sistema integratua (Integrated Library System-ILS) edo liburutegiak kudeatzeko sistema izendapenaz ezagutzen direnak, online katalogo bat barne hartzen zuten sistemaren inbentarioaren interfaze publiko gisa. Liburutegien katalogo gehienak oso lotuta daude beren azpiko ILS sistemarekin.
Geldialdia eta atsekabea
1990eko hamarkadan nolabaiteko geldialdia gertatu zen online katalogoen garapenean. Aurreko karaktereetan oinarritutako interfazeak Web-erako interfazeekin ordezkatu ziren arren, sistema gehienen azpiko diseinuak eta bilaketa-teknologiak ez zuten askorik aurrera egin 1980ko hamarkadaren amaieran garatutakotik haratago.[5]
Aldi berean, liburutegietatik kanpoko erakundeak informazioa berreskuratzeko sistema sofistikatuagoak garatzen hasi ziren. Google bezalako web-bilatzaileek eta Amazon.com bezalako merkataritza elektronikoko webgune ezagunek garrantzi handiko bilaketa-emaitzak eman zitzaketen sistema sinpleagoak eskaintzen zituzten (baina indartsuagoak), kontsulta probabilistikoak eta bektoreetan oinarritutakoak erabiliz.
Interneten erabilera orokorra baino lehen, sarritan, liburutegiaren erabiltzaileek aurkitzen zuten informazioa berreskuratzeko lehen sistema online katalogoa izaten zen. Web-bilatzaileetara ohituta, liburutegiko erabiltzaileen belaunaldi berriek gero eta asegabeagoak ziren sareko katalogo-sistema zaharragoen bilaketa-mekanismo konplexuekin.
Horrek, aldi berean, sistema horiei buruzko kritikak eragin zituen liburutegien komunitatean bertan, eta ondoren, katalogo berriagoak ('hurrengo belaunaldikoak' deitu ohi zaie) garatu ziren.[6]
Belaunaldi berriko katalogoak
Liburutegien katalogo-sistemen belaunaldi berriagoak, normalean aurkikuntza sistema deituak (edo aurkikuntza geruza ), aurreko OPACetatik bereizten dira bilaketa-teknologia sofistikatuagoak erabiltzen dituztelako, garrantzi rankinga eta fazeta bidezko bilaketa erabiltzen dutelako, baita erabiltzaileek sistemarekin interakzio eta parte-hartze handiagoa izatea helburu duten ezaugarriak ere, etiketatzea eta erreseinak barne. Ezaugarri berri horiek egungo metadatuetan oinarritzen dira, kaskarrak edo koherentzia gabekoak izan daitezkeenak, batez ere erregistro zaharrei dagokienez.
Katalogo-plataforma berriena erakundearen liburutegi-sistema integratuarekiko (ILS) independenteak izan daiteke, eta, horren ordez, bi sistemen artean datuak sinkronizatzeko aukera ematen duten kontrolatzaile bat eskaini dezake. Jatorrizko online katalogo interfazeak ia soilik ILS hornitzaileek saltzen zituzten bitartean, liburutegiek gero eta gehiago bilatu dituzte belaunaldi berriko katalogoak, askotan liburutegiek beraiek zuzenduak eta enpresentzat bilaketa-tresnak egiten zituzten konpainiek eta kode irekiko software proiektuek eraikiak.[7][8]
Talde katalogoak
Liburutegien katalogoek liburutegi bakar baten bilduma jaso ohi duten arren, liburutegien talde edo partzuergo baten elkarbanatzen den bilduma ere izan jaso dezakete. Horrelakoak dira, besteak beste, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak eskaintzen duen online katalogoa: RLPE / EIPS absysNET Opac[9] eta Nafarroako Liburutegien OPAC katalogoa ere bai.[10] Sistema horiek, liburutegien arteko maileguaren bidez, erakundeko kideen artean liburuak eta bestelako materialak maileguan hartzen laguntzeko diseinatu ohi dira. Katalogo mota honen adibide batzuk COPAC, SUNCAT, NLA Trove eta WorldCat dira. Azkenak mundu osoko liburutegien bildumak biltzen ditu.[11]
Erlazionatutako sistemak
Liburutegien katalogoekin antz handia duten sistema batzuk daude, baina tradizionalki haietatik bereizi izan dira. Liburutegiek sistema horiek erabiltzen dituzte tradizionalki liburutegi katalogo batek kontuan hartzen ez dituen elementuak bilatzeko, nahiz eta batzuetan sistema horiek "aurkikuntza sistema" osoago batean integratuta egon.
Datu-base bibliografikoak —hala nola MedlinePlus, ERIC, PsycINFO, Scopus, Web of Science eta beste asko—, aldizkarietako artikuluen aurkibideak eta beste ikerketa-datu batzuetarako bilaketa-sistema eta irakurketa librea (zientzia irekia) edo erosketa egiteko sarrera ematen dute.
Dokumentuak, argazkiak eta digitalizatutako edo digitalki jaiotako (hasieratik modu digitalean sortua) beste elementu batzuk kudeatzera bideratutako aplikazio batzuk ere badaude, hala nola Digital Commons eta DSpace. Bereziki liburutegi akademikoetan edo artxibategietan, sistema horiek (askotan liburutegi digitalen sistema edo biltegi instituzionalen sistema gisa ezagutzen direnak) fakultateak eta ikasleek sortutako dokumentuak gordetzeko ahaleginarekin laguntzen dute.
Erreferentziak
- ↑ «Online katalogoa | Lezo.eus» www.lezo.eus (kontsulta data: 2026-01-30).
- ↑ «Barakaldoko Udala - OPACs» www.barakaldo.eus (kontsulta data: 2026-01-29).
- ↑ (Ingelesez) Borgman, C. (1996). «Why are Online Catalogs Still Hard to Use?» Journal of the American Society for Information Science 47 (7): 499. doi:..
- ↑ Husain, Rashid; Ansari, Mehtab Alam. (2006-03-01). «From Card Catalogue to Web OPACs» DESIDOC Bulletin of Information Technology 26 (2): 41–47. doi:. (kontsulta data: 2026-01-29).
- ↑ Borgman C (1996), 493-503.
- ↑ (Ingelesez) Antelman, Kristen; Lynema, Emily; Pace, Andrew K.. (2006-09-01). «Toward a Twenty-First Century Catalog» Information Technology and Libraries 25 (3): 128–139. doi:. ISSN 2163-5226. (kontsulta data: 2026-01-30).
- ↑ Breeding, M. (2008). "Open Source Library Automation". Library Technology Reports, 44 (8): 5–10.
- ↑ Ganseman, J. (2015). «Refactoring a Library's Legacy Catalog: a Case Study» IAML 2015 (New York City, AEB).
- ↑ Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea. Katalogoa. euskadi.eus: Liburutegi Zerbitzua. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Eusko Jaurlaritza.
- ↑ «Servicio de Bibliotecas Públicas de Navarra AbsysNet Opac» www.navarra.es (kontsulta data: 2026-01-30).
- ↑ WorldCat facts and statistics. Online Computer Library Center (kontsulta data: 2009ko azaroak 9).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









